XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Auzia Jaurlaritza eta Bizkaiko Diputazioarekin.

Gogora dezagun auzia zertan zetzan.

Hasteko, auzia bikoitza zela esan behar da, alde batetatik Bizkaiko Diputazioarekin eta bestetik Eusko Jaurlaritzarekin, biek hori bai subentzioen gaia atzean zeukatela.

Kontutan hartu behar da 83-84 ikasturteari zegozkion subentzioak ordaintzeko lehen erdia Diputazioen bitartez egitekoa zela eta bigarren erdiaren ematea, aldiz, Gasteizko Gobernuaren eskutan geratzen zen.

Lehendabiziko erdiari dagokionez, Gipuzkoa eta Arabako Diputazioek puntualki bete bazuten ere, ez zen gauza bera gertatu Bizkaikoarekin, Gobernu autonomoarekin zeukan ezin ulertu batengatik atzeratuz joan bait zen.

Bestaldetik, subentzioen bigarren partea Eusko Jaurlaritzaren bitartez jaso beharrekoa, alegia jasotzeko ere prolema larriekin zebiltzan AEKkoak, bi parteen artean sinatutako akordioan zenbait alderdi zehaztu gabe zeudelakoan.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, ez zuen negoziaketaren aldeko borondaterik agertzen.

Bi aldiz bildu ziren AEKko ordezkariak Velez de Mendizabalekin baina ez zuten ezer, garbirik atera, atzeratu eta atzeratu nahia baino.

Azkenerako sortutako egoera jakina da: Gipuzkoa eta Arabako AEK urte erdiko subentzioa jaso ezinean, eta Bizkaikoa urte osokoa usaindu ere gabe.

Subentzioen gaiaz aparte, irakasleen erreziklajearena dateke ere.

Alde horretatik AEKk plangintza baten proposamena egin zuen.

Eusko Jaurlaritzak baietza eman zion proposamen horri baina hortik aurrera ez zuen aurrerabiderik eskaini.

Subentzioen gaia zegoen Bizkaiko Diputazioarekin eta Jaurlaritzarekin izandako auziaren atzean.

Protestak hiru hiriburuetan Bi puntu nagusi horiengatik eman zitzaion hasiera otsailean protesta-ekintzei eta bi puntu horien alde ere segitu zuten AEKkideek kalera irtenez eta beren eritzia entzun arazi nahiean.

Martxoaren 8an. Gasteiz, Donostia eta Bilbon (azken honetan batik bat) AEKren protesta nabaria izan zen kaletan.

Hiriburuetaz gain, Eibar, Errenteria eta Andoain izan ziren Gipuzkoan ikasle eta irakasleen ekintza haundienak jaso zituzten herriak: Bizkaian, Gernika, Algorta, Basauri, Barakaldo: eta Araban, Laudio eta Amurrio.

Bi eratako ekintzak izan ziren martxoaren 8an: alde batetatik, Araban eta Gipuzkoan klaseak kale gorrian eman zituzten, batik bat instituzioen aurrean eta kale nagusienetan.

Bizkaian, berriz, Diputazioaren aurrean kontzentrazioa izan zen, ordezkari bi barrura negoziatzera pasa ziren bitartean.

Hurrengo ekintza indartsua martxoaren 22an izan zen.

Autonomi Elkarteko hiru herrialdeetan zehar herri eta auzuneetan kartelada izugarri bati ekin ziolarik.

Milaka kartel ipini zituzten AEKkoek egun horretan beren erreibindikazio pendienteak gogoraeraziz.

Kanpaina berri bat iragarri Martxoaren 28an, kanpaina berri bat iragarri zuen AEKk Jaurlaritza eta Bizkaiko Diputazioarekin zintzilik zeuzkan gaiei konponbide egoki bat bilatzearren.

Instituzio horiei emandako hitza bete zezatela eskatuz, kanpaina hau hurrengo hilaren 14ean Donostiako Belodromoan izango zen ekintza baten bidez amaituko litzateke.

Kalera irtengo gara, gure ustez egoera grabea delako adierazi zuten Bilbon eskainitako prentsaurreko batetan AEKko ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzak engainatu egin gaituela uste dugu, ez bait ditu bete iaz izenpetu zituen akordioak.

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzan inork ez du AEKkoekin elkarrizketatu nahi.

Velez de Mendizabal bere hitza bete ezinean gertatu zenetik, beste inork ez zuen hartu nahi izan haren funtzio negoziatzailea eta horren ondorioz, Lakuako gobernukoekin ezein elkarrizketa ezinezkoa gertatu zen.

Polizia Nazionala, interlokutore Iragarritako kanpaina berri horren barruan, martxoaren 29an AEKko ehunka pertsonak manifestazioa egin zuten Donostiako HABEko egoitzaren aurrean, (...).